XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izarraitzetik Nanga Parbatera

Aitor Esnaola, Pablo Barrenetxea eta bi azpeitiar, azken orduan espediziora batu zaien mediku murtziar batekin batera, pasa den asteazkenean Pakistan aldera abiatu ziren Nanga Parbateko gailurra egiteko asmoz.

Joan aurretik Aitor eta Pablorekin hizketaldi bat izan genuen urtebetez prestatzen jardun duten Nanga Parbat espedizioaren inguruko gorabeheren berri izateko.

Hona hemen kontatu zigutena:

- Zer ibilbide egin behar duzue igoerari ekin aurretik?

Pablo: - Lehenengo Bilbotik Londresera goaz eta bertan gau bat pasatuko dugu.

Arratsaldeko 3etan gutxigorabehera abioia hartuko dugu Islamabadera.

Han asuntu burokratikoak egin behar ditugu.

Aitor: - 26an Bilbotik irteten dugu eta 28an bertan egongo gara.

- Heldu ondoren, zer gauza gehiago egin behar duzue?

P: - Janaria erosi, oficial de enlace ezagutu, berari arropak eman, aduanara joan, enbajadara, turismora, ministeriora...

Dena neurtuta daramagu, janaria, arropak...

Agintariek dena begiratu eta onespena eman behar digute.

Ondoren autobusa alokatu eta mendirantz joango gara.

- Zer da oficial de enlace?

A: - Militar bat da gurekin kontaktuan jarri eta guk daramaguna kontrolatzen duena.

Porteadoreekin ere harremanetan jartzen gaitu berak.

Gobernuak bidaltzen du gu kontrolatzeko.

- Urduri alde egiteko?

A: - Urte bat pasa ondoren joateko irrikaz.

- Zeintzuk osatzen duzue espedizioa?

A: - Joanes Urrestilla eta Jon Garate azpeitiarrek eta gu biok.

Azken orduan, iaz han egon zen Murtziako mediku batek deitu egin digu ia etortzerik zeukan.

Medikua denez, ondo etorriko zaigu.

Bera bere kontu ibiliko da.

- Eta xerpak?

P: - Bai, kanpamentu baseraino bultoak eramateko.

Guztira 800 kilo daramagu.

A: - 25 xerpak eramango dituzte gure gauzak.

P: - Gero xerpak jeitsi egingo dira eta gu bakarrik geldituko gara.

- Non jarri behar duzue kanpamentu basea?

P: - Diamir bailaran, 4.000 metrotara.

Handik beste lau kanpamentu jarriko ditugu gailurra bitartean.

- Zenbat egun 4.000 metrotara igotzeko?

P:

- Hiru edo lau.

- Eta gailurrera?

P:- Baimena ekainaren 1etik uztailaren azken egunera artekoa da.

Bi hilabete justu.

Bi hilabete horietan ez bazara igotzen jeitsi egin behar zara.

A: - Zaila da kalkulatzea.

Lehenengo gorputza ohitu egin behar da, aklimatatu.

Zenbat eta gorago, oxigeno gutxiago dago eta asko nekatzen zara.

Pixkanaka joan behar da.

Lehenengo, 1. kanpamentura igo eta berriro jeitsi.

Beste egun batean 2. kanpamentura arte, gero hirugarrena.

Gorputza sendo ikusten duzunean 4. kanpamentura eta handik atakea, gailurrera arte.

- Itzuli beraz?

P: -Abuztuaren 8an.

Gailurra uztailak 15ean gutxigorabehera egingo dugula kalkulatzen dugu.

A: - Gailurra lortzen badugu, turismo egiten geldituko gara, bestela buelta.

- Aitor, urtarrilean mendi istripua izan zenuen.

Guztiz errekuperatuta?

A: - Bai, hori ahaztuta dago.

- Nola sortu zen espedizioa burutzeko ideia?

A: - Lehenago, gutako hiru Perun egon ginen eta etortzerakoan, elkarri burua berotu genion erabakia hartu arte.

P: - Lanean hasi ginen eta horretan ibili gara lortu arte.

- Zenbatekoa da espedizioaren aurrekontua?

P: - 4 milioi pezetakoa.

- Nola finantzatu duzue?

A: - Lan mordoa eginez.

Ez dugu laguntza ofizialik jaso eta, etxe potente bat ere ez da espedizioaz arduratu.

Gauza asko ordaindu behar izan ditugu.

Kamisetak saldu ditugu, jaietan txozna ipini genuen hemen eta Azpeitin...

Poltsikotik ere dirua jarri behar izan dugu.

- Igoeran berrikuntzarik egingo al duzue?

P: - Ez. Oso zaila da.

A: - Hortik jende mordoa igo da eta horregatik ez diote hainbeste garrantzi ematen.

P: - Mendi zaila da, lehen aldiz joateko, batez ere.

Badaude errazagoak eta normalean jendea errazagoetara joaten da.

- Zein zailtasun ditu?

A: - Kanpamentu basetik gailurrera 4.000 metro daude.

Zortzi milako guztietatik desnibel handiena duena da.

Eskalatu egin behar den 200 metrotako orma bertikal bat dauka eta denbora guztian 50 graduko inklinazioa dauka.

- Horren aurrean, prestaketa fisiko berezirik egin al duzue?

A: - Bai, Federazioko medikuak esfortzu frogak egin zizkigun eta, gero, bakoitzaren arabera, entrenamendu bat jarri.

- Zenbat denbora entrenatzen?

P: - Urte hasieratik.

- Izozketen aurka neurri berezirik hartuko al duzue?

A: - Hori ezin da aurretik jakin.

P: - Prebentzio bakarra, fisikoki ondo egotea da.

Altura horretan ur asko edatea komeni da, bi litro egunean.

A: - Zorte kontua da.

Arropak ere egiten du baina niri gerta dakidake eta albokoari ez.

- Zergatik Nanga Parbat?

A: - Guk hasieran ez genuen Nanga Parbatera joaterik pentsatu baina azpeitiarrek bai.

Diapositibetan ikusi eta gustatu egin zitzaigun.

Mendi honek, denetarik dauka: haitza, izotza, puntak...

P:- Jende guztiak esan digu polita dela, ez zarela aspertzen.

Aitor eta Pablok urtebetez prestatu dute Nanga

Zortzi milako guztietatik desnibel handiena duena da.

Eskalatu egin behar den 200 metrotako orma bertikal bat dauka eta denbora guztian 50 graduko inklinazioa dauka